Herri-jakinduriak esan ohi du gauza bat dela hitzematea
eta bestea betetzea. Hori udal-eremura eramanez gero, hori baita guri
dagokiguna, ikusiko dugu ez dela, zoritxarrez, duela urtebete gutxi gorabehera
hitzemandakoa bete.
“Oraingoan ere zintzotasun politikoa eskatzen zaie udal talde guztiei. Hiri honetan jarduteko moduak aldatzen ari dira, eta eskatzen zaie dagokien maila politikoan jar daitezela, erakundearen eguneroko jarduna oztopatu gabe”
Esaldi hau oso argigarria da gobernu talde honen legealdi honetako jarduna ulertzeko. Hau da, oposizioan zeudenean -beste batzuk egon garen bezala- ziotenaren kontrakoa adierazi dute; ezin dugula kritika politikorik egin, alegia, gure lana planteamendu guztiak onartzea baita. Bestela erakundea oztopatzen ari garela. Demokraziaren eta elkarrizketaren adibide hutsa.
Jardun demokratikoaren lehen adibidea izan da alkatetzaren 988 dekretua, osoko bilkuretan nahiko eztabaidatu dena. Dekretu horretan administrazio-prozedura bat ireki zaie Mendeluko uholdeei aurre egin nahi zieten hainbat pertsonari. Gobernu-taldea eraginkorra ez zenez, auzoko bizilagunen sinaduren laguntzarekin, uholdeak saihesteko eta, aldi berean, bi zinegotziri espediente bat irekitzea saihesteko jardun zuten.
Ez daukagu argi espediente hori, bi zinegotziren aurkakoa, egoera argitzeko egiten den, edo gobernu-taldeak markatutako marratik pasatzen den edonorentzako mehatxu gisa egiten den. Udal gobernuaren jarreratik ondorioztatzen denez, marratik pasatzen den horrek administrazio dekeretu bat jasoko du, aldez aurretik inolako azalpenik jaso gabe. Itxuraz hori ondorioztatzen da azken osoko bilkuran espediente horri buruz galdetu zitzaionean alkateak eman zuen erantzun iheskorra ikusita.
Era berean, aurrekontuak egiteko moduak dira aipagarri, baita kreditu aldaketak edo legegintza edo zerga alorreko edozein ekimen ere. Aurkezten zaigun planteamendua da gobernu taldekoak ez diren gainerako taldeok aurkezten ditugun proposamenak ez direla jasotzen. Ikusi duguna da gainerako taldeen proposamenak gobernu-taldearen proposamenean sartzen direla, taldeon ekimenari indarra kenduz. Gure ustez adosteko eta bateratzeko beste modu batzuk daude, eta ez bakarra –Gobernu Taldeak agintzen duena besterik gabe onartzea, alegia- , legealdi honetan aurkeztu zaigun bezala.
Halaber, beste zenbait esku-hartze ere aipa ditzakegu, adibidez mugikortasunaren ordenantza aldatu izana, Mendeluko TAOari buruzko aldaketari eta hondartzako ordutegien aldaketari dagokienez; gainerako taldeoi dekretuak sinatu ondoren eman zaizkigu, aldez aurretik eztabaidarik izan gabe edo galdetu gabe.
Eta zer esan daiteke HAPOaz? Hauteskundeak baino hamabost egun lehenago HAPOaren hasierako onespena onartzearen aurka agertu ginen. Argudiatu genuen plan orokorrak ez zuela adostasun nahikorik, eta maila sozialean ez ziela erantzuten Hondarribiarren beharrei. Eta gaur egun jakin dugu lehen defendatutako printzipioekin zerikusirik ez duten proposamenak negoziatzen ari direla, eta ez dakigu zein argudio erabiliko duten egungo hasierako plana ontzat emateko, hain zuzen ere Gobernu Taldeko kideek duela ez asko baztertzen zuten hura onesteko.
Azken Osoko Bilkuran Musika Eskolaz galdetu genuen. Ea nola zeuden udal zerbitzua bihurtzeko lanak, familien errenta mailen araberako prezioak ezartzekoak. Gobernu Taldeak gaia aztertzeko prest zeudela erantzun zigun, baina ez zela lehentasunezko gaia une hauetan.
Azken Osoko Bilkuran Hondarribia Lantzen sozietatea desegiteaz eta likidatzeaz hitz egin genuen. Proposamen hori Abotsanitz/EH Bildu koalizioaren aldeko botoekin eta gainerako taldeen aurkako botoekin onartu zen.
Gai hori bi alderditatik aztertu behar da. Bata, kiroldegiaren kudeaketari dagokiona, eta bestea Hondarribia Lantzen sozietateari dagokiona. Hondarribiko sozialistok historikoki defendatu dugun jarrera da kiroldegiaren kudeaketa ez dela Hondarribia Lantzen sozietatearen esku egon behar. Udalak zuzenean kudeatzea onuragarriagoa da, bereziki prezioak kontrolatuko dituelako, ordenantza fiskalen mende egongo baitira.
Hondarribia Lantzenen kudeaketari dagokionez, gure ikuspegia, lehen eta orain, da, Udalak administratutako enpresa gisa mantendu behar dela, lurzorua erosteko eta etxebizitzak birgaitzeko eta etxebizitza berriak sustatzeko kudeaketa lanak egiteko. Ideia ez da gurea bakarrik. 2021eko maiatzean alderdi guztiek –egungo Gobernu Taldeak barne- aurkeztutako mozio bat bozkatu zen, eta erabaki zen sozietateari eustea, estatutuak aldatuta, eta kudeaketa lanak egiteko langilez hornitzea. Hiru urte geroago mozioaren alde bozkatu zutenek aurkakoa esaten dute.
Gai honekin bukatzeko, aztertu beharko litzateke zehazki ea Hondarribia Lantzenen arazoak ez ote diren sortu sozietatea berez sortu zen helburuetarako erabili ez delako, eta ondorioz desegitea eragin duelako, udal sozietatea bideragarria egiteko -edo bere jatorrizko eginkizunetara itzultzeko- alternatibarik utzi gabe.
Hirian gauzak nola aldatzen ari diren azaltzen duten adibide horien ondorioz, beharrezkoa da gobernu taldeak gainerako taldeei bere ikuspegia azaltzeko eta zer egin behar duten adierazteko erabili zuen esaldira itzultzea, eta oharpen batzuk egitea.
Lehenik eta behin adierazi zuten “gauzak aldatzen ari
direla”. Gure ikuspegiaren arabera moduak ez ezik edukiak ere aldatzen ari
dira. Baina gure ustez, oker ari dira aldatzen, izan ere ez daude
desberdinarekiko eta herritar guztiekiko errespetuan oinarrituta, ez moduan eta
ez eduki kulturalean, sozialean, eta abarrean.
Era berean eskatzen zaigu utz diezaiegun egunez egun lan egiten, hiria
eta kudeaketa bakar batzuen eginkizuna izango balitz bezala, guztiona
beharrean. Gainerako taldeak isilaraztea ikuskera esklusibista da eta gure
ustez zentzu demokratikoaren gabezia azaltzen du; jarrera hori aldatzea espero
dugu.
Lan handia dugu aurrean moduak aldatzen ari direla
sinetsi ahal izateko. Eta aldatzen ez badira, duela urte bete edo agintzen
zenaren aurkako jarrera izango dute. Garaiz gaude zuzentzeko, ez baita gauza
bera predikatzea eta garia ematea.
Comentarios
Publicar un comentario