Martxoaren 8an, Emakumeen
Nazioarteko Egunean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta
eraginkorrarekin dugun konpromisoa irmoki berresten dugu. Printzipio
demokratiko hori ukaezina da, eta gizarte justu, aske eta kohesionatu baten
funtsezko zutabea.
Gaur, ahotsa irmo
altxatzen dugu berdintasuna defendatzeko eta aldarrikatzeko, bere diskurtsoa zokoratzen
eta zalantzan jartzen ari baita komunikabideetan, sare sozialetan eta, modu
kezkagarrian, giza harremanetarako eguneroko espazioetan.
Historian zehar
berdintasunaren aurrerapenen aurrean gertatu den bezala, mugimendu antifeminista baten goraldian gaude
gaur egun, diskurtso erreakzionario eta misoginoetan adierazten dena. Narratiba horiek oinarrizko konkistak
zalantzan jartzea, nahasmendua sortzea eta indarkeria matxistaren existentzia
deslegitimatzea bilatzen dute. Diskurtso
antifeministak erasoaldi politiko eta kolektiboki antolatua osatzen dute,
eta eztabaida publikoan ezin dira beste iritzi bat bezala onartu .
Berdintasunaren defentsa
ez da aukera bat, ezta ideologia bat ere: giza eskubide unibertsala da, aitortua
eta babestua. Hamarkadetan
kolektiboki borrokatuz eta lan eginez lortu duten eskubidea da emakumeek, mugimendu
feministak, erakundeek eta pertsona aliatuek, batez ere, diskriminazioa
desagerrarazteko, askatasunak zabaltzeko eta guztientzako aukerak bermatzeko
Berdintasunean hezten
duen, estereotipoak baztertzen dituen eta errespetuan, askatasunean eta
duintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituen gizartea aldarrikatzen
dugu; baita indarkeria matxistaren
biktimak eta bizirik atera direnak aintzat hartzen, laguntzen eta entzuten
dituena ere. Izan ere, ozen eta garbi esaten dugu berdintasunik gabe ez dagoela
erabateko demokraziarik, eta indarkeria matxista desagerrarazi gabe, ez dagoela
guztiontzako askatasunik.
Martxoaren 8an, Hondarribiko Udalak dei egiten
diegu herritar guztiei eta erakunde guztiei batuta eta elkartuta irmo egon gaitezen lortutako eskubideak defendatzeko eta , atzera pausurik gabe,
berdintasun erreal eta eraginkorrerantz aurrera egiten jarraitzeko.
Horregatik, Hondarribiko Udalak
konpromiso hauek hartzen ditu:
· Gure udalerri eta eskualdean dauden talde feministekin elkarlana sustatzea, diskurtso misogino eta antifeministei aurre egiteko eta informazio faltsuen hedapena desaktibatzen laguntzeko.
· Tokiko eremutik lehentasunezko kolektiboekin esku hartzea, haien jarrera antifeministak eta maskulinitate heteropatriarkalak desmuntatzeko.
· Erresistentzia-aliantzak sustatzea talde feminista eta tokiko beste eragileekin, jarrera antifeministak identifikatzeko eta eteteko bizikidetza-espazioetan eta komunitate birtualetan.
· Baliabideak eta egiturak zaintzea eta babestea, gure udalerrian berdintasun-politikek aurrera egiten jarrai dezaten.
· Indarkeria matxistei aurre egiteko tokiko protokoloa osatu, sail bakoitzak dituen ardura eta prozedurak definituz. Udal barruko baliabideen koordinazioa bermatu, eta biktimek arreta eta erreparazioa jasotzeko eskubidea bermatu.
Dei
egiten diegu herritarrei Udalak Hondarribiko elkarte feminista eta herriko eragileekin antolatu duen Emakumeen Asteko
egitarauarekin bat egitera, eta martxoaren 8rako deitutako manifestazioetan
parte hartzera.
|
Abotsanitz |
EAJ-PNV |
PSE-EE |
EHBildu |
Comentarios
Publicar un comentario